Azken urteotan irakurketaren eta irakurmenaren inguruko kezka gero eta presenteagoa da hezkuntza-sisteman. PISA ebaluazioek, diagnostiko-ebaluazioek eta ikastetxeetan egunero jasotzen ditugun ebidentziek galdera bera mahai gainean jartzen digute: gure ikasleak benetan prestatzen ari al gara irakurtzen dutena ulertzeko, interpretatzeko eta erabiltzeko?
PISA 2022ko datuek erakutsi zuten Euskadik 466 puntu lortu zituela irakurmen-gaitasunean, Espainiako eta Europar Batasuneko emaitzen antzeko mailan, baina ELGAren batezbestekoaren azpitik. Azken ikasturteetan, gainera, Hezkuntza Sailak irakurmenaren hobekuntza lehentasunezko jarduera-eremu bihurtu du. 2026ko irailean Sailak berak berretsi du irakurmenaren ulermena lehentasuna izango dela, ikastetxeetako jardunbide eraginkorrak identifikatu, sistematizatu eta zabaltzeko asmoz.
Baina PISAren ondoren, dekretuaren ondoren eta estrategien ondoren… zer?
Gure ustez, erantzuna argia da: ikasgelara begiratu behar dugu.
Datuetatik ikasgelara
San Nikolas Ikastolan denbora daramagu gure esku-hartze pedagogikoak berrikusten. Irakurketaren inguruan egiten duguna aztertzen ari gara: zer egiten dugun, zertarako egiten dugun eta gure ikasleen ikaskuntzan zer eragin duen.
Izan ere, irakurtzea ez da soilik testu bateko hitzak zuzen deskodetzea.
Ikasle batek testuko hitz guztiak irakur ditzake, erritmo egokian gainera, eta hala ere testua ez ulertu.
Horregatik, irakurketa lantzeak hainbat prozesuri aldi berean erreparatzea eskatzen du: deskodetzeari, automatizazioari, jariotasunari eta prosodiari, hiztegiari, aurretiko ezagutzei eta, bereziki, ulermen-estrategiei.
Euskal Hezkuntza Sistemarako 2024–2027 Irakurketa Estrategiak ere norabide hori ezartzen du: irakurle konpetenteak, autonomoak eta kritikoak garatzeko, ikasleek irakurri aurretik, irakurri bitartean eta irakurri ondoren erabili beharreko estrategiak ezagutu eta erabiltzen ikasi behar dute.
Hor dago, hain zuzen ere, gure lanketaren ardatzetako bat.
Ez dugu nahi ikasleek soilik gehiago irakurtzea. Hobeto irakurtzea nahi dugu.
Irakurtzen hasi aurretik testuari begiratzen jakitea; izenburuak eta irudiak erabiliz hipotesiak egitea; aurretik dakitena aktibatzea; irakurketaren helburua zein den ulertzea.
Irakurtzen ari diren bitartean ulertzen ari diren ala ez kontrolatzea; hitz ezezagun baten esanahia testuingurutik ondorioztatzea; ideia nagusiak bereiztea; galderak egitea; informazioak lotzea.
Eta irakurri ondoren testuaren esanahia berreraikitzea; laburbiltzea; ondorioak ateratzea; informazioa beste egoera batean erabiltzea edo irakurritakoaren inguruko iritzi arrazoitua ematea.
Irakurle ona ez baita dena lehenengoan ulertzen duen ikaslea. Ulertzen ez duenean zer egin dakien ikaslea baizik.
Irakurketa ez da hizkuntza arloko kontua bakarrik
Hau ere funtsezkoa da guretzat.
Matematikako problema bat ulertzeko irakurri egin behar da. Inguruneko testu zientifiko batean informazioa hautatzeko, irakurri egin behar da. Grafiko baten eta testu baten arteko erlazioa interpretatzeko, irakurri egin behar da. Argibide batzuk jarraitzeko edo Interneten aurkitutako informazio baten fidagarritasuna baloratzeko ere bai.
Horregatik, irakurketa ikaskuntza guztien oinarrietako bat da.
Eta horrek ondorio pedagogiko garrantzitsua dauka: irakurtzen irakastea ezin da irakasgai edo une jakin batera mugatu. Ikastolako arlo eta egoera askotan era sistematikoan landu beharreko konpetentzia da.
Eta familiok, zer egin dezakezue?
Eskolak ardura handia dauka irakurle konpetenteak garatzeko. Baina irakurketarekin dugun harremana ez da ikastolan bakarrik eraikitzen.
Familiek ere eragin handia izan dezakete irakurketarekiko motibazioan eta ohituretan, eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Irakurketa Estrategiak berak azpimarratzen du familien eta irakasleen arteko lankidetzaren garrantzia.
Horregatik, datozen asteetan familiei zuzendutako gomendio laburrak partekatuko ditugu.
Ez dira etxean “eskola gehiago” egiteko proposamenak izango. Ez dugu nahi familiak irakasle bihurtzea.
Kontrakoa.
Eguneroko egoera arruntetan seme-alaben irakurmena laguntzeko ideia errazak eskaini nahi dizkizuegu: irakurri aurretik zer galdetu, ulertu ez dutenean nola lagundu, hiztegia nola aberastu, irakurritakoaz nola hitz egin, zer nolako galderak egin edo irakurketarekiko motibazioa nola zaindu.
Gomendio txikiak izango dira, baina guztiek ideia bera izango dute oinarrian: ez galdetu soilik “irakurri duzu?”.
Galdetu ere:
“Zer ulertu duzu?”
“Zer uste duzu gertatuko dela?”
“Zergatik dio hori?”
“Zein izan da ideia garrantzitsuena?”
“Zerbait ez duzu ulertu?”
“Zer egin dezakezu ulertzeko?”
Galdera horien atzean dago irakurle autonomo baten eraikuntza.
Norabide berean
PISAk datuak eskaintzen dizkigu. Dekretuak eta Hezkuntza Sailaren estrategiek norabidea markatzen dute. Ebaluazio diagnostikoek gure ikasleen egoerari buruzko informazioa ematen digute.
Baina horiek guztiak ez dira helmuga.
Benetako aldaketa ikasgelan gertatzen da: irakasle batek bere jarduna berrikusten duenean, estrategia bat esplizituki irakasten duenean, ikasle bati ulertu ez duela konturatzen laguntzen dionean edo testu baten aurrean pentsatzen irakasten dionean.
Eta aldaketa are sendoagoa da ikastolak eta familiak norabide berean lan egiten dugunean.
Horretan ari gara.
Irakurketa gehiago sustatzen, bai.
Baina, batez ere, irakurle hobeak eraikitzen.
